Home > albisteak > Igeriketa eta kirolaren beste aurpegia, erdigunean

Igeriketa eta kirolaren beste aurpegia, erdigunean

///
Comments are Off

Igeriketaren inguruko bi ekitaldi hartu zituen atzo Azkoitiak.  Batetik,  Gipuzkoako Igeriketa Gala egin zen, atzo goizean,  Baztartxo antzokian.  Gipuzkoako Federazioak hainbat igerilari saritu zituen, aurreko denboraldian egindako lanagatik. Hala, lurralde osotik etorritako igerilariak bildu ziren,  giro goxo eta atseginean. Hori baita ekitaldi honen helburuetako bat, igerilarien komunitate txikia biltzea eta goxatzea.

Saridunen artean, Zubiaurre Igeriketa Klubeko bi igerilari: Olaia Gaitan (11 urte) eta Joanes Txurruka (16 urte).  Zorionak bioi taldekide guztien izenean!

Sari-banaketaren ondoren, Oteiza frontoietan bildu ginen guztiok, mokadutxo bat egin eta elkarrekin egoteko. Aspaldiko lagunak agurtzeaz gain, igeriketarekin lotutako istorioak eta erronkak partekatzeko aukera paregabea, dudarik gabe. Azkoitiko igerileku berriaren proiektua ere izan genuen hizpide bildu ginenon artean.

Denboraldi berriari gogoz ekiteko goiz ederra izan zen guztiontzat.

Mahai-inguru jendetsua

Arratsaldean, bestalde, Zubiaurre Igeriketa Klubak, IDO taldeak eta Marea Urdina elkarteak antolatuta,  mahai-ingurua egin zen Elkargunean, ‘Igeri egitearen poza, kirolaz haratago’ izenburupean. 60 lagun inguru bildu ziren,  Ane Aranbarri, Aritz Orbegozo eta Maider Gaztañaga igerilarien gogoetak entzutera.

Xabier Barquero gure taldekidearen gidaritzapean, igeriketak euren bizitzetan izan duen eta duen eraginaz hitz egin zuten. Egunero ekitearen garrantzia, egiten duzunaren kontzientzia, igerilarien arteko hurbiltasun ezinbestekoa, aurkaririk eza eta elkarren arteko lankidetza. Ideia horiek erdigunean jarrita, solasaldi bikaina harilkatu zuten.

Denontzako baliagarriak diren instalakuntza inklusiboen garrantzia ere azpimarratu zuten, eta, ildo horretan, Ordiziako eta Azkoitiko igerileku berrien inguruko prozesuak parekatu zituzten Aranbarrik eta Gaztañagak. Bateko eta besteko esperientziak ezagututa, argi geratu zen herritarren mugimenduen beharra ezinbestekoa dela halako prozesuak abian jartzeko, herri mugimendurik gabe ezinezkoa bailitzateke aurrera egitea.

Orbegozok,  bestalde, igerileku egoki bat adin tarte eta izaera guztiei erantzuten dion instalazio bat dela azpimarratu zuen.

Gai ugari eta interesgarriak, etxeko giro goxoan. Eskerrik asko laukoteari, eta eskerrik asko bertaratu zinaten guztioi.

Halaber, eskerrik asko, antolakuntzan lagundu digun Azkoitiko Udalari.

(Agazkia: Maxixatzen.eus)