Home > albisteak > San Andres saria ospatuko du Zubiaurrek larunbatean

San Andres saria ospatuko du Zubiaurrek larunbatean

San Andres Saria, larunbatean

Datorren larunbatean, Azaroaren 14an, Zubiaurre Igeriketa Klubeko txikienek urteko hitzordu bereziena bizitzeko aukera izango dute, San Andres saria.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, kirola eta festa uztartuko dituzte arratsaldeko 16:00etan hasiko den igeriketa jaialdian. Zubiaurre eta Izarraitz igeriketa klubetako eta Marea Urdina taldeko igerilariek hartuko dute parte.

Adinaren arabera banatuta, LH3 eta LH4 mailetakoek 25 metro egingo dituzte igeri; LH5 eta LH6 mailetakoek eta Marea Urdinakoek, berriz, 50 metro.

Maila bakoitzeko hiru igerilari azkarrenek podiuma osatuko dute, baina lehiaren gainetik ospakizuna den egun honetan, parte-hartzaile guztiek jasoko dute opari domina eta goxoki poltsa bana.

Festaren aurretik, talde argazkiak

Igeriketa probaren aurretik, Zubiaurre I K.k talde argazkiak ateratzeko tartea hartuko du. Arratsaldea talde argazkiekin hasiko dute, beraz. 14:00etan, Zubiaurreko igerilari guztiei kiroldegira gerturatzeko deia egin zaie. Klubeko ekipazioa ez dutenek kamiseta zuria eramatea eskatu dute.

Ordutegiak:

  • 14:00: Talde argazkiak.
  • 15:00: Parte-hartzaileen beroketa.
  • 16:00: Igeriketa probaren hasiera.

Beste urte batez, kirola, laguntasuna eta giro ona izango dira San Andres sariaren protagonistak.

 

Gure bidelagunak