Argazkia: Marea Urdina.
Uretako ekintza inklusiboak nola antolatu eta nola eskaini ikasteko aukera izan zuten, joan den astean, Urola Kosta bailarako igerilekuetako begiraleek, entrenatzaileek eta sorosleek, Marea Urdinak antolatuta. Praktika eta teoria, biak uztartu zituzten, aniztasun funtzionala duen pertsona ororen beharrizanak erdigunean jarrita. Aniztasunaren ezaugarrietara egokitutako betaurrekoak jantzi zituzten, eta emaitza oso aberatsa izan da.
Alex Herrero eta Pello Benitez Zubiaurre Igeriketa Klubeko entrenatzaileek ere ikastaroan parte hartu zuten, eta eurekin hitz egin dugu, jardunaldiak zer eman dien eta zertarako balioko dien jakiteko. Biek ala biek saioak “oso baliagarriak” izan direla azpimarratu dute, eta, hein batean, “begiak zabaltzeko” balio izan dietela esan dute. “Oso aberasgarria izan da, pertsonalki eta entrenatzaile modura”, adierazi dute biek.
Herreroren hitzetan, “ikastaroa oso interesgarria izan da”, eta aniztasun funtzionala duten pertsonekin lana “nola egin, nola bideratu eta nola enfokatu” jakiteko balioko diela esan du.
Ildo beretik mintzatu da Benitez ere, eta azaldu duenez, entrenatzaile gisa duen “ikuspuntua zabaltzen lagundu” dio ikastaroak, igeriketa inklusiboaren esparrua “nik aurretik ezagutzen nuena baino zabalagoa dela erakutsi baitidate”.
Aniztasun funtzionala duten haur eta gazteekin lan egindakoak dira bi entrenatzaileak, eta jakin badakite formazioa ezinbestekoa dela “modu egokian” lantzeko pertsona guztien beharrak. “Aniztasun funtzionala duten umeei eskolak eman izan dizkiet lehenagotik ere, eta argi dago, ikastaro hau lehenago jaso izan banu, nik ere askoz modu produktiboagoan eman ahal izango nituela nire eskolak”, esan digu Benitezek.
Irakaspen asko jaso dituzte ikastaroan, eta, orain, horiek guztiak praktikan jartzea da helburua. Herrerok nabarmendu duenez, “entrenatzaile modura, besteak beste, ikusi dugu gure haurrak tratatzeko orduan begirada non jarri; akatsak ikusi beharrean, haur edo gazte horren indarguneetan jarri behar dugu fokua, eta horiei eman garrantzia”.
Asko dago egiteko eta asko dago ikasteko esparru honetan. Bidea luzea da, eta zer esanik ez kirolaren munduan. Zubiaurre Igeriketa Klubak bide horretan sakontzen jarraitu nahi du, pertsona orok, dagozkion baldintza guztiekin, izan dezan igeriketaz gozatzeko aukera.