Home > albisteak > Bertan behera geratu dira datorren asteburuan Azkoitian eta Legazpin jokatzekoak ziren igeriketa txapelketak

Bertan behera geratu dira datorren asteburuan Azkoitian eta Legazpin jokatzekoak ziren igeriketa txapelketak

///
Comments are Off
Benjamin Testa eta Kzl 2. jardunaldia, Legazpin

Covid-19aren seigarren olatuari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako azken erabakien ondorioz,  datorren larunbatean eta igandean Azkoitian eta Legazpin jokatzekoak ziren igeriketa lehiaketak bertan behera geratu dira.

Larunbatean, taldeko gazteenek, benjaminek, Legazpin zuten hitzordua, eta, alebinen egutegian, berriz, bi txapelketa zeuden deituta astebururako: larunbatean, Azkoitian, eta igandean, Legazpin. Oraingoz,  Gipuzkoako Igeriketa Federazioak ez du jakinarazi lehiaketa horiek aurrerago egingo diren edo ez.

Jaurlaritzaren azken dekretuaren arabera, entrenamenduak bere horretan egin ahalko dira, betiere osasun neurriak beteta. Eskola-kiroleko lehiaketak, berriz,  urtarrilaren 28ra arte, gutxienez, etenda geratu dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Eskola Kiroleko Kontseiluak klubetara igorritako ohar batean, bere desadostasuna agertu du eskola-kiroleko jarduerak etetearen inguruan. Hitzez hitz, horrela dio agiriak: “Eusko Jaurlaritzari jakinaraztea Gipuzkoako Eskola Kiroleko Lurralde Kontseilua ez dagoela ados eskola-kirolaren inguruan orain arte hartutako neurriekin, ezta oraingo honetan proposatzen diren neurriekin ere”.