Historia

Igerilarien besakadek osatutako istorioa

historia

90eko hamarkada hasieran Azkoitiko Kiroldegia zabaltzeak, besteak beste, igeriketari ireki zion bidea herrian; Mari Jose Sanchez irakasleak zuzenduta, haurrentzako ikastaroak jarri ziren martxan, lehen aldiz, Azkoitian. Mugarria izan zen hori. Harrera bikaina izan zuen ekimenak herrian, eta gurasoek ikastaroetatik harago beste urrats bat ematea proposatu zuten, kirol hau modu osoagoan garatzea helburu. Hala, Jesus Arrizabalaga Kiroldegiko udal arduradunari igeriketa eskola abian jartzea proposatu zioten.
Igeriketaren irakaskuntza teknikoa eta zuzena bermatuko luke kirol horretan espezializatutako eskola batek, ikastaroekin bakarrik lor ezin zitekeena. Horregatik, egitasmoa hezurmamitzeari ekin zioten.

Kiroldegiko zuzendaritzak ontzat eman zuen proposamena, eta diruz laguntzea erabaki zuen: 1991n jarri zen martxan lehendabiziko igeri eskola, 50 ikaslerekin, eta eskolarteko txapelketetan eman zituzten lehen pausoak.

Ibilbide oparo baten hasiera baino ez zen izan. Ekimenak igerilari gazteen eta horien gurasoen artean izan zuen arrakasta ikusita, eta proiektua gorpuzten joan zedin, beste urrats bat ematea erabaki zen; klub federatua abiaraztea adostu zuten. Hortik aurrera, bi bilera baino ez ziren behar izan, Zubiaurre Igeri Elkartea sortzeko.

Eta behin elkartea sortuta, kudeaketa lanak egingo zituen lehendabiziko zuzendaritza taldea osatu zuten. Julen Mariñelarena presidenteak, Patxi Sanchez presidenteordeak, Jorge Alkorta diruzainak eta Maria Pilar Agirregabiria, Loli Garmendia, Itziar Eizagirre, Lurdes Ibañez, Pello Odriozola eta Manolo Filgueira batzordekideek osatu zuten lantaldea. Lehendabiziko urteetan, Julen Mariñelarena eta Mari Jose Sanchez aritu ziren entrenatzaile lanetan.

Elkarte txiki handi baten istorioa da honakoa, herriko ehunka igerilari gazteen besakadekin indartzen eta gorpuzten ari den klub baten istorioa. Gipuzkoa, Euskal Herri edota Espainia mailako txapelketetan lortutako emaitza onek ez ezik, eguneroko lanaren ondorioz gazteek erakusten duten maila bikainak hauspoa ematen dio taldeari lanean jarraitzeko.

AUPA ZUBIAURRE!!!