Home > albisteak > Festa, lehia eta aldarrikapena uztartuta, San Andres Sarian

Festa, lehia eta aldarrikapena uztartuta, San Andres Sarian

///
Comments are Off

San Andres Sariak ilusio eta emozio dantza handia utzi zigun joan den larunbatean. Festa, lehia eta aldarrikapena uztartu genituen Azkoitiko igerilekuan.

Urtero bezala, taldeko argazkiak ateratzeko aprobetxatu genuen hitzordua, eta Zubiaurre Igeriketa Klubeko neska-mutil guztiak bildu genituen. Ondoren,  Azpeitiko Izarraitz Igeri Elkarteko lagunekin batera, ur-jolasei eman genien hasiera, eta lehiaketarekin amaitu genuen jardunaldia.

jolasak

Zubiaurre Igeriketa Klubaren erronketako bat da aniztasun funtzionala duten haurren eta gazteen  gizarte-inklusioa, eta horren aldeko oihu ozena entzun zen joan den larunbatean igerilekuan. Besteak beste, herriko igerilekuak dituen irisgarritasun trabak salatu genituen, ekimen berezi baten bidez: aldageletatik igerilekura igotzeko dauden eskailerak oztopo handi bat dira hainbat pertsonentzat, eta  horregatik, ‘Denok ate berdinetik!’ sartzea erabaki genuen. Horra, aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko prestatu genituen bideoa eta adierazpena:

ate_berdinetik

Adierazpena:

DENOK ATE BERDINETIK!

Ateak ireki eta itxi egiten dira. Nonbaitera sartu edo nonbaitetik irteteko balio dute. Denok sarbidea izan dezagun egiten omen dira, baina batzuetatik ezin gara denok sartu.

Gaur San Andres Sariaz gozatu dugu Azkoitian, baina jakina denez, igerilekura partaide guztiok ezin dugu guztiontzako omen diren ate naturaletatik sartu. 25 eskailera maila gainditu behar dira ezinbestean denon aldageletatik igerilekura iristeko, behartuak gaude beraz “beste bide” batetik sartzera, igeri egin nahi badugu behintzat. 

Egoera hori izanik, gaur partaide guztiok ate beretik sartzea erabaki dugu “beste bidea” denona eginez, naturaltasun osoz,  benetako ate naturalak denontzako eginak daudenak direlako.

Guztionak eta guztiontzat egokituak izango diren instalakuntza duinak nahi ditugulako, zabaldu mezua lau haizetara.

Zubiaurre Igeriketa Kluba