Emaitzen eta marken gainetik kirolak duen beste aurpegia erakusteko, Zubiaurre Igeriketa Klubak, Marea Urdina taldeak eta IDO elkarteak, Udalak lagunduta, mahai-inguru bat antolatu dute, ‘Igeri egitearen poza, kirolaz haratago’ izenburupean. Hitzordua, irailaren 21ean, 17:30ean, Elkargunean.
Ane Aranbarri (Azkotia), Aritz Orbegozo (Azpeitia) eta Maider Gaztañaga (Ordizia) igerilariak izango dira hizlariak, hirurak goi-mailako lehiaketetan aritutakoak. Egun, igeriketarekin harreman estua izaten jarraitzen dute, eta kirolaz gozatzeko beste bide bat aurkitu dute. Bakoitzak bere bizipenak azalduko dizkigu.
Besteak beste, taldean gozatzeko, emozioak partekatzeko eta sasoian egoteko egiten da ariketa fisikoa, eta pertsona bakoitzak bere arrazoiak ditu kirola egiteko. Mendian ibili, bizikletarekin gozatu, Kontzejupean pelotan aritu … mila modu eta mila arrazoi ditugu kirola praktikatzeko. Gu uretan murgiltzen gara, kirolaz haratago doan gozamena ematen digun ekintza delako.
Horri guztiari buruz arituko gara hilaren 21erako antolatu dugun mahai-inguruan. Xabier Barquero gure taldekideak gidatuko du saioa.
Gonbidatuta zaude guztiok!