(Maxixatzen.eus-en argitaratutako informazioa)
Marea Urdinak lehen aitorpena edo errekonozimendua egin dio Zubiaurre Igeri Elkarteari, «aniztasunaren eta inklusioaren alde lan» egin duelako. Atzo, asteazkena, Elkargunean egin zuten ekitaldian ‘Marea Urdina Naiz’ ziurtagiria eta eranskailua jaso zituzten igeri elkarteko kideek.
Aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioaren alde egiten duten elkarteei, taldeei, egoitzei zein dendei aitorpena egitea da Marea Urdinaren asmoa, eta atzo, asteazkena, banatu zuten lehena. ‘Marea Urdina naiz’ ziurtagiria eta eranskailua jaso zituzten ekitaldian Zubiaurre Igeri Elkarteko kideek. «Ziurtagiria jasotzen dutenek aniztasunaren lagun direla adieraziko dute eta behar bereziak dituzten pertsonek aurrez jakingo dute toki horretan ongi etorriak direla», azaldu zuten aurkezpenean Marea Urdineko kideek.
Zubiaurre Igeri Elkartea izan da aitorpena jaso duen Azkoitiko lehen taldea. Zubiaurre Igeri Elkarteko kideek «ohorea» dela azaldu zuten. Halaber, azaldu zuten lantaldean «dokumentu bat osatzen» ari direla, Marea Urdinak eurentzat zer esan nahi duen azaltzeko. Orain arte inklusioaren alde egindakoa eta aurrerantzean egingo dutena ere ari dira zehazten idatzia. Igerilekuaren egungo egoera «ezaguna» dela esan zuten igeri elkarteko kideek, baina «ahal den neurrian ateak irekita» izango dituztela nabarmendu zuten, euren nahia edo asmoa «erantzuna ematea» delako. Gaineratu zuten, bestalde, «begirada zabala» izaten lagundu diela. «Ekitaldietan inklusioaren aldeko neurriak jartzen ahalegindu gara, eta behar direnak eskatu egin ditugu», azaldu zuten. «Elkartasun talde bat» osatu dela azpimarratu zuten, eta Zubiaurre Igeri Elkartean talde horretan egotea nahi dutela eta egongo direla adierazi duten.
Marea Urdineko kideek, bestalde, jakinarazi zuten 2018ko urrian pentsatu zutela ‘Marea Urdina Naiz’ ziurtagiria herriko agenteei banatzea. Zubiaurre Igeri Elkarteak «aniztasunaren eta inklusioaren alde lan» egin duela azaldu zuten Marea Urdineko lagunek. Sanandres igeri txapelketa, esaterako, inklusiboa izan zela gogoratu zuten, «konpromiso handia» izan duela nabarmentzearekin batera.
Zubiaurreren konpromiso testua: